Deskribapen orokorra

INMA (Haurtzaroa eta Ingurumena) Espainiako talde ikerlari batzuen sarea dugu. Ikerlariok jakin nahi zuten, besteak beste, airean, uretan eta elikagaietan zeuden kutsatzaileek nola eragiten zieten umekiari, jaioberriari eta, azkenik, umearen hazkuntzari nahiz garapenari. Eta, xede hori buruan zutela, INMA proiektua sortu zute

Umearen garapen fisiko, sozial eta intelektualak giro babestua behar du, harik eta umea sortzen den momentutik nerabezarora iritsi arte. Azken urteotan, gaixotasunen kopurua handitu egin da, ingurumena osasungarria ez delako. Oso garrantzizkoa da umearentzat, jaio aurretik eta ondoren, substantzia kutsagarrietatik urruti egotea eta osasuntsu jatea; bestela, haurren osasuna eta garapena ez dira egokiak izango, eta helduaroan azalduko dira ondorioak.

INMA proiektuak hiru oinarri nagusi ditu:

Lehenik eta behin esan behar da, zalantza izpirik gabe, aire, ur eta janari bidez kutsatzea nonahi gertatzen dela. Umeak kutsatzaileen eraginpean bizi dira, ez dira pertsona heldu txikiak, hazten ari dira, eta euren immunologia-sistema eta desintoxikatzeko moduak ez dituzte erabat garaturik. Horrexegatik dira ahulagoak ingurumeneko kutsatzaileen aurrean.

Dakigunez, kutsatzaile iraunkorrek (adibidez, konposatu organokloratuak) eta beste metal batzuek ondorio gaizto ugari sortzen dituzte osasunean: alegia, umekiaren hazkuntza atzeratzea, umea garaia baino lehen jaiotzea eta ondorengo hazkuntza atzeratzea, eta neurogarapenean zein portaeran alterazioak izatea.

Gaur egun, aireko kutsatzaileak (partikula finak, esaterako) estu lotzen dira, batetik, haurren heriotza handitzearekin, eta, bestetik, asma, alergiak eta neurogarapenean arazoak izatearekin. Aitzitik, oraindik ez dakigu ziurtasun osoz substantzia kutsagarriek nola erasaten dioten fetuari; beraz, ezinbestekoa da azterketa gehiago egitea, datu berriak lortzearren. Ezin ditugu ahaztu urari botatzen zaizkion desinfektatzaileak, horietako batzuek ugaltzeko arazoak sortzen dituzte eta.

Bigarrenik, aipatzekoa da zenbait kutsatzaile eta elikagai elkarrekin daudela substantzietan edo produktuetan, eta elkarrekin sartzen direla gure gorputzera.

Arraina, esaterako, omega 3 gehien daukana izanik ere, organokloratu- eta metil merkurio-eramaile ere bada. Eta beste hainbeste gertatzen da jaioberriak bularreko esnea hartzen badu: elikagaiak hartzean, kutsatzaileak irentsiko ditu. Nahiz eta organokloratu toxikoek eraso egiteko bidea zein den oraindik ez dakigun, pentsa dezakegu azido koipetsu esentzialek zerikusi handia dutela mekanismo metaboliko eta hormonalekin; mekanismo hauek erabat inplikaturik daude kutsatzaileen neurotoxikotasunean.

Hala ere, oraindik azaltzeko dago ea elikagaiak gauza ote diren kutsatzaileen ondorio gaiztoak indargabetzeko.

Amai dezagun esanez, gutxi dakigula oraindaino hainbat produktu kimikoek duten gaitasun kaltegarriari buruz. Ildo horretan, begi-bistakoa da ingurumenaren eta geneen arteko elkarreragina ikertzen jarraitzeko premia.